4.3. Diru-sarrerak bermatzea
Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legetik eratorritako prestazioak oso garrantzitsuak dira diru-sarrera baxuak dituzten familiei edo zuzenean pobrezia-arriskuan edo –egoeran dauden familiei laguntzeko. Diru-sarrerak bermatzeko errentaz, gizarte behar larrietarako laguntzez eta etxebizitzarako prestazio osagarriaz ari gara.
Diru-sarrerak bermatzeko errenta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuak arautzen du, Euskal Enplegu Zerbitzuak (Lanbide) kudeatzen du eta familia-unitateak diru-sarrerarik ez daukanean edo horiek oinarrizko premiei aurre egiteko nahikoak ez direnean eska daiteke.
Familiak inolako diru-sarrerarik ez daukanean, bizikidetzako unitatearen kide-kopuruaren arabera ezarritako hileko gehienezko munta onartzen da: kide bateko bizikidetzako unitateentzat 616 €-koa eta 3 kide edo gehiago dituzten unitateentzat 875 €-koa izaten da –eskuarki eta 2013rako–. Unitateak diru-sarreraren bat eskuratzen badu, munta kalkulatzeko, bizikidetzako unitatearen kide-kopuruaren arabera legokiokeen gehienezko muntari diru-sarrera guztiak kentzen zaizkio.
Ahultasunagatik bereziki babestu behar den familia-mota gisa, guraso bakarreko bizikidetzako unitateen kasuan (ardurapean seme edo alaba bat edo batzuk dituen amaz edo aitaz bakarrik osatuta baitaude), prestazioa hileko 44,81 €-z osatzen da.
Bestalde, gizarte behar larrietarako laguntzak aldizkakoak ez diren, izaera ekonomikoa eta diru-laguntza izaera duten prestazioak dira, gizarte-marjinazioko egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko beharrezkoak diren gastu zehatzei (ohikoei edo ez ohikoei) aurre egiteko nahikoak ez diren baliabideak dituzten pertsonei zuzenduta daudenak.
Azkenik, aipatu behar da etxebizitzarako beste laguntza espezifiko bat dagoela, etxebizitzarako prestazio osagarria izenekoa, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonek alokairuari aurre egitea helburu duena. Etxebizitzarako prestazio osagarria 2/2010 Dekretuaren bidez araututa dago, eta gaur egun haren gehienezko munta hileko 250 eurokoa da (baina hileko 320 eurokoa ere izan daiteke, adibidez familia-unitateak ardurapean bi seme-alaba edo gehiago dauzkanean).